2006ko apirilaren 15a
Duela hiru urte herritar batzuk, sentsibilitate desberdineko herritarrak, mahai baten inguruan bildu ginen. Eragile politiko eta sozialen arten harreman eta ekarpen lan luzea burutu ondoren, gatazkaren konponbiderako oinarrizko hitzarmen bat sinatu genuen alderdi, sindikatu eta eragile sozial talde zabal baten artean. Esaldi borobil baten gatazkaren konponbiderako gakoak jasotzen dituen formulazioa adostu genuen: "Euskal Herrri osoan, herritar guztiei, Euskal Herriaren etorkizunari buruz galdetu behar zaie, eragileek adostutako moduan".
Denborak aurrera egin duen neurrian gure dinamika trinkotzen joan da. Eragileen arteko konplizitatea sendotu egin da. Eta garrantzi handiko urratsa ere emana dugu duela hamabost egun. OHD sinatu genuen eragile guztiok apirilaren 1ean, "KONPONBIDE GARAI DA. Euskal Herria · Erabakia · Adostasuna" lemapean, manifestazio batera deitu genituen euskal herritarrak, eta egundoko erantzuna jaso genuen beraiengandik: azken hamarkadan Euskal Herrian egin den manifestaziorik handien. Herritarren atxikimenduaren islada nabarmena.
Baina ez dugu euforian erori nahi. Oraindik bide luzea dago egiteko eta eguneroko lana ezinbestekoa izango da gatazkaren konponbiderako prozesu demokratikoak jasoko dituen erasoei eta jarriko dizkioten oztopoei aurre egiteko. Azken hiru asteotan gertatutakoa, interlekutore garrantzitsuak atxilotzea, fiantzen bidez extorsio ekonomikoak gauzatzea, erabakitzeko eskubidearen inguruko zalantzak areagotzea, herritar guztien partehartzeko eskubidea urratzea, ... horren adierazgarri da.
Ez da erraza izango. Mundu guztiak dakien bezala, errazago da gerra egitea bakea egitea baino. Errazago da segurtasunaren izenean demokrazia murriztea, partaidetza bidez demokrazia indartzea baino. Errazago da ardurak politikarien esku eta haiek osatzen dituzten erakundeen esku uztea, jendarteak bere gain hartu eta lantzea baino... Eta hala doakigu mundua, egunetik egunera gero eta pertsona boteretsu gutxiagoren esku, egunetik egunera partaidetza murriztuz, segurtasuna eskastuz, gatazkak ugalduz eta elkarrizketa gutxituz doala.
Baina Euskal Herrian, gatazka beste modu batean konpontzea erabaki dugu. Kontrako ondoriora ailegatu gara: guztientzako baliozkoa den konponbide bakarra, guztion artean egindakoa da. Konponbideak elkarrizketaren eta guztion adostasunaren bidez etorri behar duela erabaki dugu. Konponbideak eskubide guztiak aitortzea eskatzen duela erabaki dugu. Eskubide indibidualak eta kolektiboak, herrialde guztietako herritar guztienak, izan Espainiaren administraziopekoak edo izan Frantziaren administraziopekoak. Benetako konponbide bakarra demokrazia eta justizia indartzetik datorrela erabaki dugu. Eta, hala izan dadin, biharko egunerako, 2006ko Aberri Egunerako, helburu bat ipini genuen: Konponbiderako Mahaia eratzea.
Helburua ez dugu lortu, baina gauza bat adierazi nahi dugu, jadanik ez dago Konponbiderako Mahaia ez eratzeko aitzakiarik. Mahaia eratzeko baldintza eta aukera guztiak indarrean daude. Beraz gaur eta hemen zera aldarrikatzen dugu lau haizetara:
Konponbiderako Mahaia orain!
Erabateko baldintzak daude:
Horrez gain, ETA erakundeak martxoaren 22an emaniko su etena balio handiko ekarpena da, gatazka politikoaren konponbidean prozesu demokratikoa eraikitzeko aukera ezin hobea ahalbideratzen duelako. Orain dela gutxi arte eragile askok Mahaia eratzeko jarri duten oztopo nagusia ETAren iharduera armatua izan da. Egun, egoera irauli denean, ez dadila Konponbiderako Mahaiaren eraketa atzeratzeko aitzaki gehiagorik jarri.
Beraz, Konponbiderako Mahaia eratu eta gatazkaren sustraietan dauden gakoei heltzea eskatzen diogu eragile orori. Eta, horrekin batera, konponbide prozesuak ezinbestez behar duen oinarri demokratikoa onartzea: Euskal Herria aitortu eta euskal herritarron erabakitzeko eskubidea errespetatzea.
Amaitzeko, garbi eta tinko zabaldu nahi dugu gure mezua Euskal Herriko bazter guztietara:
Konponbide garaia da!
Prozesu demokratikoa lehenbaitlehen martxan jarri dadin,
Konponbiderako Mahaia orain!
AB · ANV · Aralar · Batasuna · EA · EHK · Zutik
www.konponbidea.info
Tram / Zuhar