Warning: This page has not been translated yet. What you're seeing below is the original version of the page.
JOxerra Senar
Euskal Herriko konponbide prozesuaren alde Europako Parlamentarien Babes taldeak (Friendship) agiri bat atera berri du, eta horretan dei egiten die gatazkan nahasiak dauden alderdi guztiei akordio bat lortzeko «orain». Taldeak premiazkotzat jotzen du konponbidea bideratuko duen akordio hori lortzea, eta horretarako «benetako aukerak» daudela iritzi dio. Akordio horrek gatazka politikoaren bi korapilo nagusiei, «lurraldetasunari eta erabaki ahalmenari», erantzun beharko liekeela ere nabarmendu du.
Friendship taldea 2005eko abenduaren 2an osatu zuten Europako Parlamentuko 12 legebiltzarkidek- besteak beste, Berdeak-Europako Aliantza Askea eta Europako Ezkerraren Batasuna talde parlamentarietako kideek osatua- Aurkezpen hartan, Euskal Herriko prozesua ezagutu, lagundu, bultzatu eta zabaltzeko konpromisoa hartu zuten. Friendship taldearen presidenteak, ERCko Bernat Joan i Marik, agiri horren berri eman zuen atzo Bruselan, Europako Parlamentuaren egoitzan. Sinn Feineko Bairbre de Brun taldekide irlandarra alboan izan zuen.
Agiriak lau puntu nagusi ditu. Lehenean, gatazkaren alde guztien arteko adostasuna lortzeko aukerak daudela nabarmendu du. Friendship taldea «sinetsita» dago konponbide politiko bakarra dela «demokraziaren eta justiziaren sendotzea garatuko duena eta Euskal Herriko hiritarrek etorkizunari buruz erabakitzeko duten eskubidea onartuko duena».
Bigarrenik, Friendship taldeak akordio politiko hori hitzartzea premiazkoa dela iritzita, hura lortzera dei egiten die alderdi politiko guztiei. Hirugarrenik, konponbidea lortzeko «Europako erakundeek funtzio erabakigarria eta funtsezkoa joka dezakete eta jokatu beharko lukete». Prozesuaren aldeko Babes taldeak gogora ekarri du Europako Batasuna sortu zeneko Erromako Itunak 50 urte bete berri dituela. Hala, Euskal Herriaren bake prozesuaren alde Europako Batzordeak, Europako Kontseiluak eta EBko estatukideak «behar den moduan jardutera» dei egiten ditu: «Euskal Herrian bake prozesua sustatzeko aukeraz gain, betebehar morala eta politikoa ere badu Europako Batasunak».
«INDARKERIARIK GABE». Laugarrenik, akordio hori garatu ahal izateko «beharrezkotzat» jotzen du «giza eskubide oro eta eskubide politiko oro errespetatuak izan beharko liratekeen jokaleku bat lortzea». Jokaleku horretan, «indarkeria mota oro desagertu egin beharko litzateke».
Uneotan Euskal auziaren inguruko efemeride asko ospatzen ari direla-eta, atera du argitara agiri hori Babes taldeak. Urtebete igaro da ETAk su-eten iraunkorra iragarri zuenetik; urtebete ere Europako erakundeek bake prozesuaren aldeko adierazpen publikoa egin zutenetik; zortzi hilabete Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak ETArekin elkarrizketa ofizialak hasten zirela eta euskal herritarren erabakiak errespetatzeko konpromisoa zuela iragarri zuenetik; edo bost hilabete Europako Parlamentuak bake prozesuari babesa eman zionetik.
Baina Friendship taldeak gogora ekarri du ere, bai aste honetan 18 urte bete direla Aljerren ETAren eta orduko PSOEren gobernuaren arteko elkarrizketak hautsi zirenetik. Taldearen ustez, hemezortzi urteok erakusten dute Euskal Herriko «gatazka larria gainditu» egin behar dela, eta konponbidea elkarrizketan eta akordioan oinarritua egon behar dela.
Horregatik, agiriaren amaieran, Friendship taldeak itxaropena agertzen du etorkizunean euskal gatazkaren konponbidearen urteurrena ospatu ahal izango dela, eta Euskal Herriaren aitortzan eta etorkizuna erabakitzeko ahalmen politikoan oinarritua egongo dela konponbide hori. «Euskal Herriak behar du, Europako Batasunak behar du», dio amaieran agiriak.
www.konponbidea.info
Tram / Zuhar