EUSK | CAST | FRAN | ENGL |

Konponbidea.info

Berria, 07 of February, 2007.

Warning: This page has not been translated yet. What you're seeing below is the original version of the page.

Uda bitartean atxikimenduak bilduko dituzte hainbat eremutan eta eskualdez eskualde

Konponbidearen aldeko «gizarte olatua» sortu nahi du Milakabilaka ekimenak

Bilbo

Gizabanakoen ariketa eta gizarte ariketa. «Ekimena. Herritar guztien eskubide guztien aldekoa, Euskal Herriaren aldekoa eta herritarren erabakiaren aldekoa». Milakabilakak ariketa bat izan nahi du; gatazkaren konponbidearen aldeko ariketa. Esperientziak eta proposamenak batuz, konponbidearen aldeko gizarte olatua sortu asmo duena. Hala adierazi zuen atzo Bilbon Txutxi Ariznabarretak, Onintza Enbeita eta Israel Arkonada alboan zituela. Larunbateko manifestazioa «oso arrakastatsua» izan zela esan zuen eta uda arte zein ekimen egingo dituzten azaldu.

Larunbateko manifestazioan «aniztasuna» islatu zen, Ariznabarretaren arabera, eta «sentsibilitate askotako jendea eroso sentitzea lortu zen». Horregatik, zorionak eman zizkien parte hartzaile guztiei, baita egon ezin izan ziren askori ere «ekimenarekin bat egiten ari direlako». Dena dela, larunbatekoa Milakabilaka ekimenaren hasiera besterik ez zela izan gogorarazi zuen.

«HERRITARREN ORDUA DA». «Ezin dugu gatazka konpontzeko aukera hau pasatzen utzi ura esku artetik pasatzen den moduan». Herritarren ordua dela eta pauso txikiak emanez, konpromisoak hartzeko mezua zabaldu zien Milakabilakaren bultzatzaileek gizarte osoari, zein gizabanakoei. «Gizarte olatua» sortzeko, hiru lan ildo prestatu dituzte udara arte. Lehenengo lan-lerroaren helburua eremuz-eremu atxikimenduak lortzea da; manifestu bat aurkeztuko dute horretarako eta sukaldari, irakasle, gazte, kirolari, musikari eta beste hainbatengana joango dira maila pertsonalean zein kolektiboan ahalik eta atxikimendu gehien lortzera. Etzi hasiko dira horrekin: Durangon hainbat artista batuko dira ekitaldi batean.

Bigarren lan ildoa eskualdekako beharra izango da. «Euskal Herri osora ailegatu nahi dugu». Martxoaren 3tik aurrera eskualdeetan erreferentzialak diren pertsonek agerraldi bat egingo dute, gero eskualdeetan Milakabilaka ekimena artikulatzeko. Alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozial «indartsuei» dei berezia egin die Txutxi Ariznabarretak: «Goitik adierazpen ponpoxoak egin beharrean, behetik oinarri sozialean eragin dezatela, sustraietan egin dezatela lana». Eskualdez eskualde ere atxikimendu pertsonalak eta kolektiboak lortu nahi ditu Milakabilakak. Eta hirugarren lan-ildoak atxikimendua adierazten duen norbanako guztien irudiak biltzea izango du helburu.

AUTOBUS IBILTARIA. Baina horrek ondo irteteko beharrezkoa da eskualdeka ondo artikulatzea, Ariznabarretaren hitzetan. Autobus bat ibiliko da herririk herri Milakabilakaren mezuarekin bat egiten duen orori argazkiak ateratzen. Batez ere jendea biltzen den momentuak eta lekuak aukeratuko dituzte: azokak, unibertsitateak, jaiak, ekitaldiak... «Inkestek diote gizartearen gehiengoak gatazka politikoa gainditu nahi duela eta horretarako borondatea duela. Inkestetako portzentaiek diotenez, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea errespetatzearen aldekoa da gizartearen gehiengoa». Bada, «zenbaki hotz horiei» aurpegiak jartzeko egingo dute argazkien ekimena. Hilabete barrurako-edo autobusa prest izatea espero dute antolatzaileek, argazki kamera eta inpresorarekin.

Udarako milaka eta milaka herritarren argazki eta konpromisoak lortu nahi ditu Milakabilakak. Eta beste horrenbeste «edo gutxienez milatik gora» eragileenak. Argazkiak www.milakabilaka.org web gunean jarriko dituzte.



Hainbat artista batuko dira etzi Durangon konponbidearen alde

Etzi arratsaldean hitzordua dute Euskal Herriko hainbat artistak Durangoko Platerunea kafe antzokian. Arratsaldeko seietan hasiko da ekitaldia, prentsaren aurreko agerraldi batekin, eta ostean arratsalde-pasari ekingo die. Pirritx eta Porrotx pailazoen pailazokeriak, Txan Magoaren trikimailuak eta bertsolari gazteen freskotasunak hartuko dute antzokia. Bertso saioan Amets Arzallus, Miren Amuriza, Fredi Paia eta Iratxe Ibarra arituko dira, Saroi Jauregi gai-jartzaile dutela. 21:30etik aurrera Kauta taldearen musika kontzertua egongo da. Antolatzaileek azaldu dutenez Milakabilakaren hiru zutabeekin bat egitera hurbilduko dira dozenaka artista: bertsolariak, musikariak, eskultoreak, idazleak... «Errespetuaren alde batuko dira. Errespetua Euskal Herriari, herritar guztion eskubide guztiei eta Euskal Herriaren erabakiari». Besteak beste, Ken7ko abeslaria eta Gorriti eskultorea egongo dira. Argazkiak ateratzeko aukera ere egongo da.

www.konponbidea.info

Tram / Zuhar