Warning: This page has not been translated yet. What you're seeing below is the original version of the page.
Etorkizunarekin «jolasean» ez ibiltzeko eta gatazka konpontzeko lan egiteko eskatu diete politikariei
aitziber laskibar
Bilbo
Politikariei eta eragileei mezu zuzena bidali zien amaiera ekitaldirako prestatutako taula gainetik. Mezu labur eta argia. Guztiek ulertzeko modukoa. Euskaraz, gazteleraz eta frantsesez. Arduraz jokatzeko eta etorkizunarekin ez jolasteko eskatu zieten. Gatazka konpontzeko deia egin. «Geure geroa dago jokoan. Merkantzia garestiegia da hori jolasean ibiltzeko», ohartarazi zien Maite Aristegik Bilboko udaletxearen parean bildutako guztiei Milakabilakaren sustatzaileen izenean.
«Eser daitezela» eskatu die Aristegik zuzenean politikariei. «Konpon dezatela, behingoz, konpondu beharrekoa». Lehenbailehen, «oraintxe bertan». Milaka herritarren nahia bilduko duen olatua izan nahi duen ekimenak ez duela eskaera horretan etsiko ziurtatu du, gainera. Eta politikariek baketzearen bidean egiten duten edo egiten ez duten bidea «erne eta adi» jarraituko dutela ohartarazi die. «Politikariak eta eragileak, gure borondateak jarri ditu dauden lekuan. Zordun dira, beraz, gure borondatearekin. Horregatik esaten diegu ez etortzeko guri etsipen eta ezintasun kontuekin».
AURRERA BEGIRA. Aurrera begira jarri nahi dute Milakabilakakoek, herritarren nahia bilduta. Eta aurrera begiratu behar horretan gizarteak agintarien lana neurtu egingo duela dio: «Jakin bezate bide horretan egiten duten ahaleginaren arabera izango direla neurtuak bihar eta etzi». Gizarteak emandako lana bete dezatela eskatuko die, beraz, agintari guztiei. Arazoak konpon ditzatela, alegia. «Zor zaiguna besterik ez dugu eskatzen. Ez gehiago ez gutxiago, baina zeharo irmoki: guztion eskubide guztien errespetua, demokrazia eta bakea Euskal Herriarentzat», adierazi zuten manifestazioaren leloari erreferentzia eginez.
Eta eskaera horretan ez dutela etsiko diote. «Herritar askeak garelako eta aurrerantzean ere halaxe izan nahi dugulako». Atzo, horrexegatik bildu zirela azaldu zuen Aristegik. «Ozen» erakutsi nahi dutela hori. «Geu garela geure buruaren jabe, eta bakean eta errespetuan eraiki nahi dugula etorkizuna».
Aurrerantzean ere horixe egiten jarraituko dutela azaldu zuen Saroi Jauregi aurkezleak. «Euskal Herri osoa eskubideen unibertso bilakatu arte» jardungo dutela. Baina konponbidea lehenbailehen lortzearen premia ere nabarmendu zuen. Gatazka luzatu ez dadin «bultzada» orain ematearen garrantzia. «Seme-alaben etorkizunak egiten digu dei».
«Errespetua oinarri» izango duen konponbidea bultzatzeko, beraz, laguntza eskatu zien herritarrei. Ekimenean parte hartu eta zabaltzekoa. Horretarako, laguntzaileak biltzen arituko da ekimena, herririk herri.
Banaka-banaka, esperantzari aurpegia argazki bidez jarriz
Konponbiderako bidea «oztopoz betea» egon arren, ekinaren ekinez «lortuko dela» sinetsita daude antolatzaileak. Esperantzari eutsi nahi diote eta horretan laguntzeko deia egin diete herritarrei. «Esperantzari aurpegia jartzeko» deia. Errespetu eske dauden herritarren irudiak biltzeari ekin diote. Konponbidea aldarrikatzen duten eta eskubideen aldeko konpromisoa erakusteko prest dauden herritarrei argazkiak ateratzeari.
Atzo abiatu zuten ekimena. Eguerdian hasi eta iluntzera arte, konponbide eske hurbildu ziren herritarrei argazkia atera zieten, Milakabilakaren ikurra eskuetan. Web orrian jarriko dituzte argazki horiek eta hemendik aurrera aterako dituztenak. Ekimena herriz herri zabalduko da, milaka banakoen aurpegiekin gizartearen eskakizuna irudikatu nahian.
www.konponbidea.info
Tram / Zuhar