EUSK | CAST | FRAN | ENGL |

Konponbidea.info

Berria, 30 of January, 2007.

Warning: This page has not been translated yet. What you're seeing below is the original version of the page.

Manifestazioa desberdina izatea nahi dute deitzaileek eta horretarako saioa egingo dute

Herritarrak izango dira protagonista Milakabilakaren larunbateko martxan

oihana elduaien

Herritarrak izango dira protagonistak Milakabilaka ekimenak larunbaterako deitu duen manifestazioan. Herritarrak batu eta elkarrizketa eta negoziazioaren bitartez konponbidea eskatzeko bokazioz sortu zen ekimena, eta horretara dator larunbaterako Bilbon deitu duten manifestazioa ere. Elkarrizketa. Errespetua Euskal Herriari. Bakea goiburua izango du, eta antolatzaileek politikariei eskatu diete herritarrei protagonismorik ez kentzeko eta manifestaziora joaten badira inolako adierazpenik ez egiteko. Behingoagatik, bildutakoek esaten dutena entzuteko deia egin diete, gainera.

Ekimeneko kide den Maite Aristegik atzoko prentsaurrekoan azaldu zuenez, larunbateko manifestazioa desberdina izatea nahi dute, eta saio horretan hainbat neurri hartu dituzte.

Hasteko, Bilbora joaten direnak ez dira pankarta atzean jarriko, ez baita pankartarik egongo. Egingo duten ibilbidea ere Bilbon normalean egiten diren manifestazioen bera ez da izango: 17:00etan aterako da Areatzako zubitik, eta Guggenheimera joango dira. Gainera, errepidetik egingo den martxak mobilizazio paralelo bat izango du ibaian, itsasontzi, piragua, traineru eta abarrekin.

Joaten den jende kopuruari buruzko daturik ez dutela emango aurreratu dute, Ğmilakabilakağ dabiltzalako eta ibiliko direlako.

Milaka horiek manifestazioko ibilbidea egiteaz gain Ğaurpegia ematekoğ aukera ere izango dute, beraien konpromisoa azaltzeko datu orria bete eta argazkia ateraz.

Koldo Izagirreren hitzekin eta Fermin Muguruzaren doinuekin osatutako Milakabilaka kanta ere aurkeztuko dute bukaerako mitinik izango ez duen manifestazioan. Mitinik ez, baina hiru hizkuntzatan testu bat irakurriko dute, leloarekin bat eginez: elkarrizketa, bakea, indarkeriarik eza eta Euskal Herriari errespetua eskatuz.

EUSKARIAK ERE DEIA EGIN DU. Euskaria fundazioak ere bat egin du Milakabilaka ekimenak deitutako manifestazioarekin. Atzo kaleratutako oharrean txalotu egin zuten ekimena, eta antolatzaileei beren laguntza eskaintzeaz gain, manifestaziorako deia egin zuten.

Talde abertzale eta euskaltzaleen arteko elkarlana bultzatzeko helburuarekin sortu zen Euskaria fundazioa, eta burujabetzaren aldeko Maltzagako Aldarria testuaren atxikimenduak biltzen ari da azken hilabetean.

www.konponbidea.info

Tram / Zuhar