EUSK | CAST | FRAN | ENGL |

Konponbidea.info

Berria, 27 of January, 2007.

Warning: This page has not been translated yet. What you're seeing below is the original version of the page.

Bilbon otsailaren 3an izango da martxa, ‘Elkarrizketa. Errespetua Euskal Herriari. Bakea’ lelopean

Elkarrizketaren alde manifestaziora deitu dute Milakabilaka ekimeneko partaideek. Milakabilakak manifestaziora deitu du, errespetua eta bakea eskatzeko

AINHOA SARASOLA
Irun
Konponbidearen alde herritarren parte hartzea bultzatzea helburu duen Milakabilaka ekimena aurkeztu zuten atzo 300dik gora lagun ezagunek Irungo Ficoba erakustazokan. «Herritarren ordua heldu da, herritarren harresia egitera gatoz, herritarren olatua harrotzera ». Ekimenaren protagonista bakarrak herritarrak direla sinetsita daude. «Indartsu hasi nahi dugulako, herritarren indarrean sinesten dugulako eta alderdikeriez kokoteraino gaudelako, herritarrak herri honen etorkizunaren jabe izatera deitzen ditugu», esan zuen Saroi
Jauregik ekimenaren izenean. Hala, herritar guztiei otsailaren 3rako Bilbora manifestatzera deitu zituzten,
Elkarrizketa. Errespetua Euskal Herriari. Bakealelopean.

Pankartarik gabeko manifestazioa izango dela argitu zuten, «herri bat martxan», eta herritarrez osatutako lehen multzoan deialdia egin duten 300dik gora lagun ezagunak abiatuko direla. Areatzako zubitik 17:00etan aterako da martxa, Guggenheim museoan amaitzeko. Ibilbidearen espazio osoa betetzera deitu zituzten
herritarrak, «eskubide guztien defentsarako espazioa». Protagonistak herritarrak izanik, politikariei eskatu zieten «herritarren espazio horretan adierazpenik ez egiteko».

Eragile politiko zein instituzioek asteotan herritarren parte hartzeaz «hitzez aho bete» ikusi dituztela, eta holakoa eskatzen dietela azaldu zuten: «errespetua, herritarrek egin nahi dugunari eta egitea erabakitzen
dugunari». Halaber, euren egitekoa betetzeko, «hitz egiteko eta jasaten dugun gatazka politikoa konpontzeko» eskatu zieten.

AURKEZPENA.
Milakabilakak «tantaz tanta osatuko den herri olatua» izan nahi duela azaldu zuten atzoko aurkezpenean. Castillo Suarez idazleak adierazi zuenez, negoziazioaren eta elkarrizketaren aldeko apustua egiten dute Ficoban atzo bildutakoek. Herritar gisa aurkezten direla eta nork bere burua baino ez duela ordezkatzen garbi utzi nahi izan zuten. «Bakea nahi dugu, baina benetako bakea, eskubide guztien errespetuan eraikitako bakea », gaineratu zuen. Herritarren protagonismoan sinesten dutela berretsi, eta manifestazioaz gain
parte hartzea errazteko ekimen gehiago iragarri zituzten.

Ekimenaren agiria irakurri zuten aurkezpenean Arritxu Santamaria, Therese Haltsuet eta Victoria
Mendozak, Ficoban bildutako guztiek babesten duten eta milaka herritarrek harekin bat egitea espero
duten agiria. Euskal Herriaren etorkizuna euskal herritarrek erabaki behar dutela aldarrikatu dute agirian. «Besterik ez dugu aldarrikatzen: Errespetua Euskal Herriari, guztien eskubideei eta herritarren erabakiari».

MilakaBilaka

Milaka eta milaka herritar Bilboko kaleetan konponbide demokratikoaren alde, 2006ko apirilaren batean, ilusioz gainezka, herritar guztien arteko mugarik gabeko elkarrizketa aldarrika.

Milaka eta milaka gara Euskal Herriaren etorkizuna herritar guztien erabaki askean oinarritu nahi ditugunak. Bake iraunkorra eta bidezkoa eraikitzeko milaka gizon eta emakumeren adostasun sendoa ari gara gorpuzten, ahalegin xume etengabean, pausoka. Horretarako herritarren hitzari aukera, bide eman behar zaio, aldez aurretiko ezarpenik eta inoren aurkako bazterkeriarik gabe. Baina urte luzetako gatazka politikoa
gainditzeko bidea oztopoz beterik dago. Hamaika saio, ahalegin, bultzada, ariketa eskatzen du bakea eraikitzeak.

Zailtasun eta oztopo guztien gainetik, Euskal Herri osoko milaka herritar bat gatoz, itxaropenari aurpegia eta ahots jartzeko asmoz. Konponbidea bideratzeko herritarren hitzari bide eman behar zaio. Har dezagun hitza, beraz. Inor baztertuko ez duen elkarrizketa, negoziazioa eta konponbide demokratikoaren aldeko deia eragile politikoei luzatzeko. Oinarri demokratikoetan eraikitako prozesu politikoaren aldeko hitzarmena hedatzeko.

Inposaturiko zatiketen gainetik, euskal herritarren hitz askearen adierazpideari aukera ematearen aldeko apustua indartzeko. Errespetua eta demokrazia aldarrikatzen duen manifestu xumea da gurea, herritar
guztiei irekia. Demokrazia eta errespetua Euskal Herriarentzat. Errespetua euskal herritar guztien eskubide guztientzat.

Demokrazia, euskal herritarren borondatea eta erabakiak errespetatuak izan daitezen, egitasmo politiko guztiak berdintasunean gauzagarri ak izanik. Euskal Herriaren etorkizuna euskal herritarrek erabaki behar dute. Jendeak bakea ekarriko duen prozesu eta akordio politikoa nahi du. Prozesu hori bideratzeko, akordio hori lortzeko errespetua dugu giltzarri.

Besterik ez dugu aldarrikatzen:
Errespetua, Euskal Herriari
Errespetua, herritarrei, guztien eskubideei
Errespetua, herritarren erabakiari.

Zure alea ere beharrezkoa da. Euskal Herrikolurraldeguztietakogizonetaemakumeen borondatelibreetademokratikoaren adierazte bideak irekitzeko. Bakean, demokrazian eta errespetuan oinarritutako geroa baita Euskal Herriarentzat nahi duguna, milaka aurpegiz osaturikoa.

«Euskal Herri osoan, herritar guztiei, Euskal Herriaren etorkizunari buruz galdetu behar zaie, eragileek adostutako moduan»


Herritarren babesa argazki bidez jasotzeko autobusa eta web orria

Ficoban bildutako lagunak banaka-banaka argazkiak ateratzen aritu ziren ordenagailu biren aurrean, herritarren parte hartzea ahalbidetzeko ekimen baten baitan. Izan ere, ekitaldian azaldu zutenez, Milakabilaka ariketaren bidez, herritarren borondatea zein den agertzea helburu dutela azaldu zuten. «Inkestek jasotzen
duten atxikimendu sozialari aurpegia jartzen saiatuko da ekimena. Zenbaki hotzak kolorez betetako herritarren argazkiez ordezkatzen saiatuko da». Hartarako, martxo aldera Euskal Herri osoan ibiliko den autobusa martxan jarriko dutela azaldu zuten, eta herritar guztiei dei egin zieten «eskubideei errespetua eskatzeko helburuarekin argazkia egitera», Atxikimenduak irudi bidez jasoko dituzte horrela, eta argazki guztiak berariaz prestatutako webgunean ikusi ahal izango dira.

Hain zuzen, www.milakabilaka.org web orrialdean ikusgai daude dagoeneko atzoko ekitaldian izandako herritarrek ateratako argazkiak.


Orain herritarrei dagokie txanda

Politikariek zerbait egiteko zain egoteaz nazkatuta, pentsakerak eta aurreiritziak alde batera utzi, eta bake prozesuan zuzenean parte hartzeko elkartu dira ehunka euskal herritar.

AITZIBER ARZALLUS
Irun Sexu, adin, pentsakera eta aurreiritzien gainetik, giro ona, baikorra eta itxaronpentsua. Joanak joan,
eta gertatuak gertatu, Euskal Herriaren alde lan egiteko gogoa eta bake prozesuan zuzenean parte hartzeko grina. Giroan nabarmendu zitekeen hori. Ficobako ekitaldian hamaika aurpegi ezagun elkartu ziren, besteak
beste: Pello Zabala, Amaia Zubiria, Amets Arzallus, Andres Villarińo, Julio Ibarra, Koldo Tellitu, Ilazki Serrano, Ińaki Murua, Aimar Irigoien, Jean Louis Davant, Mikel Labaka, Garbińe Elosegi, Sagrario Aleman, Jose Luis Korta eta Mikel Aranburu, kasu. Baina, oraindik askoz gehiago elkartuko zaizkien esperantzarekin.

Politikariei denbora agortu zaiela eta orain herritarren garaia dela. Sentipen hori zuten gehienek.
«Ezin daiteke bake prozesua haien esku utzi. Herritar bakoitzak du bere zeregina», esan zion BERRIAri Xabier Mediguren Kontseiluko idazkari nagusiak.
«Aspalditik geunden horrelako aukera baten zain, oso ongi abiatu da, eta ziur nago epe laburrean beste ehunka batuko zaizkigula».
Herritarrei beti eskatu izan zaie beren parte hartzea. Askotan esan izan da bake prozesuak aurrera egingo badu ezinbesteko dela haien bultzada. Baina, Fermin Muguruza musikariaren irudiko, «orain arte nahiko surrealista zen hori guztia». «Herritarrek parte hartu bai, baina, nola?».
Gauza bera zioen Uxue Alberdi bertsolari gazteak: «Ni euskalduna naiz, eta Euskal Herria axola zait, baina, egia esan, bake prozesuaren inguruko gorabeherak telebistaz jakin ditut. Ezin dugu, ordea, sofan eseri eta besteek egin dezatela esan. Bakoitzak ahal duena eman behar du».
Eta aurrerantzean Milakabilaka izango da horien guztien bilgunea.
Azken asteotan egoera asko korapilatu da, Muguruzaren irudiko. «Hori dela eta, Milakabilaka, neurri batean, presa lagun duela sortutako ariketa izan da, baina aspalditik genuen honen beharra ». Muguruzaren ustetan, politikariek erakutsi duten jarrera «lotsagarriari» nolabait erantzuteko beharra zuen euskal gizarteak,
«amorruagatik bakarrik bada ere». Eta Milakabilaka izan da bidea. «Parte-hartzea nahi zenuten,
bada, hemen parte-hartzea, eta zuek behatzarekin seinalatuz gainera».

ELKARRIZKETA, BIDE BAKARRA.«Askotariko pentsakera duen jendea elkartu garen arren, oinarri-oinarrizko
gauzetan ados jartzea lortu dugu. Eta dudarik gabe, hori da garrantzitsuena ». Tomas Urzainki historialariaren hitzak dira horiek. «Denok bat gatoz indarkeriarik gabeko gizarte bat behar dugula eta garaipena elkarrizketaren bidetik lortuko dugula esatean, eta hori bera lorpentzat jo dezakegu gaur egun».
Hau hasiera besterik ez da, ordea, eta aurretik lan asko dago egiteko. Dena den, iraganera jauzi azkar bat egin, eta «euskal gizarteak borroka egiteko eta garaipenak erdiesteko izan duen gaitasuna» azpimarratu zuen Xabin Juaristi Askatasuneko kideak. «Euskal Herriaren eta euskal herritarron hitza errespetatzeko besterik ez gara ari eskatzen. Hilabete hauetan guztietan klase politikoak zer egingo zain egon gara, eta erakutsi du zertarako gai den. Beraz, orain gure txanda da, herri bezala antolatu eta borroka egiteko txanda. Politikarien itzalpetik atera eta herritarrok adierazle indartsu bihurtzeko garaia». Lortzen dutena lortzen dutela ere galtzekorik ez dutelako.
Eva Forest idazlearen iritziz ezinbestekoa da euskal herritarrek euren buruarengan konfiantza berreskuratzea, eta horretarako «paregabeko tresna izango da milakabilaka». «Hemen guztiok
gara nor ekarpenak egiteko, eta hori sinestu egin behar du jendeak. Pertsona batek proiektu bat bere sentitzen du, egindako lanak zerbaitetarako balio izan duela ikustean, eta hori falta da hemen».
Iritsi da beraz, hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea.

www.konponbidea.info

Tram / Zuhar