Warning: This page has not been translated yet. What you're seeing below is the original version of the page.
AINHOA SARASOLA
Iragan astean prentsaurrean mintzatu zen Hasier Etxeberria, beste hainbat lagun ezagunekin batera, Milakabilaka ekimena azaltzeko.
Bihar aurkeztuko dute Irungo Ficoban, eta ekimenera biltzeko eskatuko diete herritarrei, denek batera politikariei konponbidea bila dezatela exijitzeko.
Noiz ikusi zenuten ekimena aurkezteko beharra? Zein testuingurutan sortu da?
Uste dut ekimena abenduko kontua dela, baina bazetorrela lehen zurrumurruak hasi zirenean elkarrizketa
prozesua krisian zegoela. Madrilgo atentatua baino lehenago jada ikusten zen ez zegoela beste biderik elkarrizketarena baino, derrigorrezkoa zela horri eustea. Eta pentsatu zen herritarrek osatutako multzo batek bultza zezakeela.
Balio handia ematen diozue herritarren parte hartzeari? Nola eragin dezake partehartze horrek prozesua bultzatzeko?
Ez da balioa ematea, baizik eta ez garela besterik herritar eta norbanakoen batuketa baino. Nik uste politikariak askotan harrapatuta ibiltzen direla hitz, kontzeptu eta erretoriketan. Agian herritarrok gauzak argitzen lagun dezakegu. Herritarrok bakea nahi dugu, eta badakigu politikarien bidetik etorriko dela nahitaez, haiek baitira gure ordezkari. Baina uste dugu akuila ditzakegula gure exijentziekin, esanaz, ‘aizue, egin egin behar duzuena, konpon ezazue konpondu beharrekoa eta bitartean ez etorri guri kontuekin’. Oso sinplea dirudi, baina pentsatzen dugu herritarren presentzia handia lortzen bada, sentituko dutela atzean gaudela,
ezin dutela geldirik egon eta derrigor behar dutela segi aurrera.
Presentzia hori nola artikulatu? Zein ekimen dituzue buruan?
Oraindik Milakabilaka ez da ezer, ostiralean [bihar] sortuko da. Norbanako batzuk izango gara, aldi berean
norbanako gehiagori dei egiteko eta han ikusiko da zer egin. Baina egia da badarabiltzagula buruan manifestazio bat egitea, hilaren 3an segur aski, Bilbon; autobus ibiltari bat antolatzea herritarren argazkiak eta atxikimendua jasotzeko; eta baita beste gauza batzuk ere. Berez ez dago ezer, ostiralean ikusiko da nola egin aurrera. Baina hor gabiltzanok badaramatzagu hainbat asmo, tartean manifestazioarena, ikus dadin, ager dadin zenbat garen eta zer nahi dugun.
Aurreko asteko agerraldian aipatu zenuten elkarrizketa dela bide bakarra bakea lortzeko. Elkarrizketari baldintzak jarri dizkiete hainbatek, eduki jakin batzuen bueltan kokatzen dute beste hainbatek.
Guk ere bai, baina jarri dugu bakarrik logikak agintzen diguna. Badakigu gehiegi xehakatuta ezingo ginela hainbeste jende elkartu. Horregatik oinarrizko kontu batzuk soilik jarri ditugu, hiru ardatzetan; izan dadila bake egoera batean eta bakea emanez elkarri, alde guztiek bermeak emanez elkarri; errespetu osoa guztion eskubide guztiekiko; eta demokratikoa, alegia, herritarrok esaten duguna aintzakotzat hartuz, herritarrok zer nahi dugun galde eta horixe bete. Hiru gutxienekook hala direla uste duen edonor bil daiteke ekimenera, berdin delarik ideologia.
Hiru gauza xume horiek aski dira ekimena oinarritzeko eta aldi berean oldartzeko. Beraz, elkarrizketa horren edukiak zehazten ez zarete sartzen.
Ez. Baina nik pentsatzen dut, hanhemenka hedabideetan zabaldutako informazioen arabera, politikariak ez direla geldirik egon bederatzi hilabeteotan, materia batzuk adostu edo proposatuak daudela. Ez dut uste 0 puntuan gaudela, uste dut orain ezin dela elkarrizketa 0 puntutik hasi. Nik uste gauza batzuk aurreratuak zituztela. Horiei ekin behar zaie orain. Parteek badakite besteak zer nahi duen. Hortik abiatu beharko lukete; egindako lana aprobetxatu behar da.
Ficobako ekitaldian hauek guztiak azaldu nahi dizkiezue herritarrei?
Etorriko direnak herritar gonbidatuak dira, ospetsuak komatxo artean. Zertarako? Horiek egingo dutelako
Milakabilakaren deia, horiek egingo baitiete, euren aurpegiaren bermearekin, herritarrei deia. Horregatik
diot gaur Milakabilakaez dela asmo bat baino. Han bistaratuko da zer izango den, hainbat jende estimatuk – 300 inguru– nork bere izenean egingo duelako dei. Tartean izanen dira alderdietako pertsonak, baina nork bere izenean hitz egin beharko du; han ez da inor bestea baino gehiago, ez du inork besteak baino gehiago agintzen. Erakutsi nahi duguna hori da: milaka garela, ez dakigu zenbat, baina milaka handi bat garela hori eskatzen ari garenak; ‘politikariok, egin ezazue zuen lana, eser zaitezte eta konpon ezazue, beste biderik ez
dago-eta. Eta lehenbailehen gainera, herri hau nekatuta dago-eta’.
Beraz, dei egingo diezue herritar gehiagori denen artean politikariei elkarrizketei uneotan bertan ekiteko eskatzeko?
Posible denean, jakina. Guk ezin dugu esan orain bertan hori litekeen edo ez, hala nahi genuke, baina hori haien ofizioko gauza da. Ez diegu esango hori nola egin, baina egin behar dela bai, eta ahalik eta
azkarren egin behar dela ere bai.
www.konponbidea.info
Tram / Zuhar