EUSK | CAST | FRAN | ENGL |

Konponbidea.info

Berria, 20 of October, 2006.

Warning: This page has not been translated yet. What you're seeing below is the original version of the page.

Europako Babes Taldeak gonbidatuta, Euskal Herri osoko ordezkaritza bat joango da asteazkenean Europako Legebiltzarreko eztabaidara; Euskal Herria herri gisa onartzea eta euskal herritarren erabakitzeko eskubidea errespetatzea funtsezkoa dela nabarmenduk

Euskal Herriko ordezkaritza Estrasburgora

Estrasburgoko eztabaidara joango direnak. Mahaian, ezkerretik hasita: Mertxe Colina, Arritxu Santamaria, Alec Reid, Rafa Larreina, Jean Lissar, Txutxi Ariznabarreta, Kotte Ezenarro eta Ainhoa Beola.

Euskal Herri osoko ordezkaritza izango da Estrasburgoko eztabaidan


Euskal Herria herri gisa onartzea beharrezkoa dela nabarmenduko dute Europaren aurrean

PELLO URZELAI
Donostia
Euskal Herri osoko ordezkaritza zabal bat izango da Estrasburgon datorren astean, asteazkenean, Europako Parlamentuak euskal bake prozesuari buruz eztabaidatzen duenean. Euskal Herrian bake prozesu baten alde izeneko Friendship edo Babes Taldeak eta beste eurodiputatu batzuek egindako gomitari erantzunez, talde
zabal bat antolatu dute ordezkaritza gisa, eta atzo aurkeztu zuten, Donostian egindako agerraldi batean.
Funtsean, Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa sinatu duten alderdi eta eragileetako kideek osatzen dute, baina ez horkoek bakarrik.

Adibidez, Kotte Ezenarro Hendaiako alkateak (PS) eta Jean Lissar Akitaniako kontseilariak (Berdeak) ere parte hartuko dute ordezkaritzan. Batasuna, EA, Aralar, AB, eta EAE-ANV alderdietako kideak, Ezker Abertzalea legebiltzar taldekoak, LAB, EHNE eta Hiru sindikatutakoak eta Esait eta Kontseilua bezalako gizarte eragileetako kideak izango dira ordezkaritzan. Talde honen ustez, Europako Parlamentuko eztabaida aukera ona da «estatuen ukazioen gainetik Euskal Herria plazaratzeko, herri moduan egoteko», Txutxi Ariznabarretak nabarmendu zuenez. Euskal Herria herri gisa onartzea beharrezkoa dela gehitu zuen. Datorren asteko eztabaida norabide horretan egin beharreko urrats bat dela ziurtatu zuen. Halaber, Europaren erantzukizuna eta zeregina ekarri zituen gogora. Irlandako gatazkan egin zuen bezala, euskal gatazka konpontzeko bidean babesa eta bultzada ematea dagokiola gogoratu zuen. «Aitortu eta babestu
egin behar da euskal herritarrok erabakitzeko eskubidea dugula eta Euskal Herriak toki bat behar duela
izan Europan», erantsi zuen.

Rafa Larreinak ere nabarmendu zuen 25ean ikusiko dela «Euskal Herria bizirik dagoen eta Europan tokia duen herri bat» dela. Europaren zereginari dagokionez, «prozesu demokratikoa aurrera egin dezan laguntza» eman dezakeela esan zuen Larreinak, «Euskal Herria osorik aintzat hartuz». Halaber, Europako Batasunaren sortze oinarrien artean demokrazia sustatzea eta bakea indartzea daudela gogoratu zuen. Jean Lissar pozik agertu zen 25eko eztabaidarekin. Haren ustez, «Euskal Herri osoa agertuko da Europako eszenatokian ». Aukera hau ezin dela galdu nabarmendu zuen. «Europako Parlamentuak bermatu behar du konponbide zuzena, eta elkarrizketa lagundu, Irlandan bezala».

Talde gisa atzo aurkeztutako euskal ordezkaritzaz gain, Euskal Herritik beste zenbait ordezkari joango dira. Begoña Errazti eta Patxi Zabaleta ere joatekoak dira. EAJko Josune Ariztondo Estrasburgon izango da eta baliteke Josu Jon Imaz ere han izatea.

Ordezkaritzako kideak:

≠ Rafa Larreina (EA).
≠ Xabi Larralde (Batasuna).
≠ Nekane Erauskin (EAB).
≠ Ainhoa Beola (Aralar).
≠ Mertxe Colina (AB).
≠ Antton Gomez (EAE-ANV).
≠ Jean Lissar (Akitaniako kontseilaria).
≠ Kotte Ezenarro (Hendaiako alkatea).
≠ Jakes Abeberri (Miarritzeko hautetsia)
≠ Rafa Diez (LAB).
≠ Unzalu Salterain (EHNE)
≠ Modesto Garcia (Hiru)
≠ Koldo Gorostiaga.
≠ Arritxu Santamaria.
≠ Martin Aranburu.
≠ Txutxi Ariznabarreta.
≠ Alec Reid.
≠ Iñaki Lasa
≠ Mixel Mendiburu
≠ Mikel Epaltza
≠ Martxel Toledo
≠ Mikel Muñoa
≠ Didier Rouget

www.konponbidea.info

Tram / Zuhar