EUSK | CAST | FRAN | ENGL |

Konponbidea.info

Berria, 30 of September, 2006.

Warning: This page has not been translated yet. What you're seeing below is the original version of the page.

Urriaren 25ean Europako Parlamentuak «aukera historikoa» zabalduko duelako pozik dira

Europan gatazkaren muinaz eztabaidatu dadin espero dute OHDko sinatzaileek

edurne begiristain

Gasteiz

Euskal Herriko prozesua Europako Parlamentuan eztabaidagai izatea pozez hartu dute OHD Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa sinatu zuten eragileek. Estrasburgoko parlamentuak egindako urratsa txalotu dute, euskal gatazka Europan eztabaidatzen den aurreneko aldia baita. Hala azaldu zuten atzo OHDrekin bat egin duten eragile politiko, sindikal eta sozialek, Gasteizen. Martin Aranburu eta Itziar Fernandez Hitzarmenerako Mahaiko bozeramaileek eragile guztien izenean hitz egin zuten.

Azaldu zutenez, «aukera historikoa» zabalduko du Europako Parlamentuak urriaren 25ean egingo duen osoko bilkurak, «euskal gatazkaren muinaz» eztabaidatzeko parada egongo delako. Horretarako, prozesuaren alde hamabi eurodiputatuez osatutako friendship edo babes taldea egiten ari den lanaren garrantzia azpimarratu zuten. Izan ere, Europako eztabaida ETAra soilik ez mugatzeko, eta «benetako eztabaida» izateko eragile askorekin lanean ari da babes taldea: «Bere lana eztabaida hori behar bezala enfokatzea izango da, gatazkaren muinari helduz, ideia eta alde guztiek isla izan dezaten». Ildo horretan gogorazi zuten Euskal Herriak duen gatazka politikoa den heinean, konponbideak politikoa behar duela.

Gainera, nazioarteko eragileek Euskal Herriko egoera politikoari arreta jartzea bake prozesua gauzatzeko «bermea» dela iritzi zioten. Europako Batzordeak prozesuaren inguruko adierazpen bat ateratzeak ere prozesuari bultzada emango diola uste dute.

«KEZKA» EGUNGO EGOERAGATIK. Izan ere, OHD sinatu duten eragileak «kezkatuta» daude Euskal Herriko prozesu politikoak bizi duen egoera dela-eta. ETAk su-etena iragarri zuenetik sei hilabete igaro diren arren, konponbiderako mahaia eratu ez delako «oso kezkatua» daudela azaldu zuten. Elkarrizketa gauzatzeko baldintza egokiak ematen direla iritzi diote, baina elkarrizketa politikoari ekiteko gero eta «aitzaki gehiago» jartzen direla salatu dute.

Aitortu dutenez, orain arte «baikorrak» izan dira mahaiaren eraketari dagokionez, eta elkarrizketa foro hori laster eratuko zela pentsatu izan dute. «Aberri Egunerako mahaiaren oinarriak adostuta egongo zirela pentsatu genuen, baina sei hilabeteren ostean mahaia eratu gabe dago oraindik», nabarmendu dute. Haien ustetan, gizarteak ere ez du ulertzen egungo geldiune egoera, eta bere nahia da mahai hori eratzea, eta ostean, adostutako itun politikoari buruz iritzia ematea.

Hori horrela, prozesuak bizi duen egoerari eta elkarrizketa politikoari bultzada emateko kalera ateratzeko deia berretsi zuten OHDko eragileek, eta datorren urriaren 7rako deitutako elkarretaratzeetan parte hartzeko deia luzatu zuten. Konponbidearen, mahaiaren eta elkarrizketaren beharra aldarrikatzeko Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruńean deitu dituzte bilkurak. Baionan urriaren 6rako egin dute hitzordua.

www.konponbidea.info

Tram / Zuhar