Warning: This page has not been translated yet. What you're seeing below is the original version of the page.
AINHOA SARASOLA
Andoain
Egoera politikoarekin «kezkatuta» daude Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa (OHD) sinatu zuten 55 eragileak. Konponbide mahaia osatu ahal izateko duela sei hilabetetik baldintza guztiak emanda daudela uste dute. Baina bide horretan hilabeteotan ez dela «sakoneko mugimendurik» izan iritzi diote. Bilera egin zuten atzo 55 eragileetako ordezkariek, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, egoera aztertzeko eta elkarrekin aurrera begirako urratsak hitzartzeko.
Uda ostetik Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa sinatu zuten 41 gizarte eragileetako, zazpi alderdietako eta zazpi sindikatuetako ordezkariek eginiko lehen bilera izan zen atzokoa. Egungo egoera politikoaren azterketa egin zuten lehenik, eta horren aurrean «zein neurri zehatz» hartu aztertzen jardun zuten jarraian. Bilera oraindik amaitu gabe zegoela, eragileen kezkaren berri eman zieten bertan bildutako komunikabideei Martin Aranburu eta Itziar Fernandez eledunek.
«Azpimarratu nahi duguna da gaur egun bizi dugun egoerarekin kezkatuta gaudela hemen gauden eragileak», adierazi zuen Aranburuk. OHDren sinatzaileek bere garaian konponbiderako mahai bat eratzearen aldeko apustua egin zutela gogoratu zuen. Mahaia eratzeko «beharrezko baldintzak» sortu behar zirela ere adierazi zuten orduan. «Gure ustez sei hilabete igaro dira baldintza horiek badauzkagunetik». Baina azken sei hilabeteotan mahaia eratze aldera ez dela «sakoneko mugimendurik» ikusi gaineratu zuen Aranburuk. «Alderdien mahaia edo Konponbide mahaia oraindik ez dugu ikusi, eta zentzu horretan gaude kezkatuta egoera politikoarekin». Hilabete hauetan guztietan aurreraurrats gehiago izango zirela pentsatzekoa zela iritzi zion Fernandezek.
MAHAIA «LEHENBAILEHEN» ERATZEKO URRATSAK. Egungo egoerak aurrera egiten laguntzeko xedez, zein neurri har ditzaketen aztertzeko bilera ere izan zen atzokoa, Aranbururen hitzetan. Halaber, «sei hilabete pasatu baldin badira ere, lehenbailehen alderdi edo konponketa mahai hori ikusi ahal izateko» urratsak zein diren aztertu zuten. Euskal Herrian ez ezik, Europan ere zein pauso eman beharko diren aztertu zuten, azken batean, eragileek. Europako Legebiltzarrean lanean ari den Friendship-a gogora ekarri zuen Fernandezek. Eragileak atzoko bileran zertan adostu ziren datozen egunetan jakinaraziko dutela adierazi zuten.
Konponbiderako gune edo mahai bat eratzea beharrezkotzat jo izan dute beti OHDko sinatzaileek. Eta horretarako baldintza guztiak dagoeneko badaudela uste dute aspalditik. Apirilean, esaterako, mahaia eratzeko «erabateko baldintzak» zeudela iritzi zioten, eta, guztien artean, ETAren su-etena nabarmendu zuten. Hauek izan ziren Aranbururen hitzak, OHDko sinatzaileek Iruńean apirilean eginiko ekitaldian: «Egun, egoera irauli denean, ez dadila konponbiderako mahaiaren eraketa atzeratzeko aitzakia gehiagorik jarri».
www.konponbidea.info
Tram / Zuhar