EUSK | CAST | FRAN | ENGL |

Konponbidea.info

Berria, 31 of August, 2006.

Warning: This page has not been translated yet. What you're seeing below is the original version of the page.

Irailaren amaieran Europako Parlamentuan euskal gatazkari buruzko saioa egitea babestu du taldeak

Alderdien mahaia ahalik eta azkarren martxan jartzearen alde egin du Babes Taldeak

erredakzioa

Euskal Herrian bake prozesu baten alde Babes Taldeak Euskal Herrian alderdien mahaia ahalik eta azkarren sortzearen alde egin du. Babes Taldeak, gainera, ziurrenik irailaren amaiera aldera Europako Parlamentuan euskal gatazkari buruz egingo den eztabaida babestu zuen. Bernat Joan taldeko kopresidenteak, era berean, «elkarrizketaren eta akordioaren bidez lorturiko irtenbideak soilik» balio duela adierazi zuen atzo eginiko prentsaurrekoan.

Babes Taldea Europako Parlamentuko hamabi eurodiputatuk osatzen dute, eta Euskal Herriak pairatzen duen gatazka politiko eta armatua konpontzeko prozesuan lagundu eta jarraitzeko asmoarekin sortu zen, iazko urtearen amaiera aldera. Helmuth Markov (PDS) eta Bernat Joan (ERC) dira taldeko kopresidenteak, eta herenegun taldeak egindako bileraren berri emateko, hedabideen aurrean agertu ziren atzo bi ordezkariak.

Babes Taldearen iritziz, Euskal Herriko egungo egoera duela urtebete baino «hobea» da; «izan ere, ETAk indarkeriazko jarduera utzi du». Hala eta guztiz ere, Joanek alderdien mahaiaren sorreraren inguruan gertatzen ari den atzerapena tamalgarritzat jo zuen, «gatazka oinarrian politikoa delako»

Babes Taldearen izenean, Bernat Joanek adierazi zuen espainiar nahiz frantziar administrazioaren menpe bizi herritarren eskubide indibidual eta kolektibo guztien onarpena ezinbestekoa dela irtenbiderako. Taldearen aburuz, gainera, balio duen «irtenbide politiko bakarra demokraziaren eta justiziaren sendotasunean garaturikoa izango da», euskal herritar guztiek erabakitzeko duten eskubidea onartzeko eta Euskal Herria subjektu politiko gisara onartzeko.

Akordioa bake egoera batean iritsiko dela ere esan du taldeak. Horretarako, «eskubide zibil eta politiko guztiak errespetatu beharko dira». Taldearentzat, gainera, bide demokratikoetatik gatazkaren irtenbidea lortzeko prozesuan parte hartzea «eskubidea baino gehiago, betebeharra da».

Bernat Joanen hitzetan, «joera politiko eta pentsatzeko modu guztiak eremu politikoan aritzea bermatu behar du Europako Parlamentuak». Dena den, ez zuen Batasuna nola legeztatu behar den azaldu nahi izan, bere arabera gai hori Espainiako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari eta alderdi politikoei baitagokie.


«Joera politiko eta pentsatzeko modu guztiak eremu politikoan aritzea bermatu behar du EBk»

Bernat joan

Babes taldeko kopresidentea

www.konponbidea.info

Tram / Zuhar