Warning: This page has not been translated yet. What you're seeing below is the original version of the page.
Aitor Renteria
Baiona
Euskal Herriko gatazka politikoa gainditu eta bake prozesuan partaide izateko eskatuko diete Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hautetsiei. Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoaren sinatzaile Batasuna, AB, EA, Matalas, Eraiki, Demo, Herriarekin, LAB, ELA, Anai-artea, Euskal Konfederazioa eta AEK taldeek bultzatu dute ekimena, eta jada 17 hautetsiren sostengua bildu dute; horien artean 14 auzapezena, bi kontseilari nagusirena eta Akitaniko kontseilari batena. Lehen atxikimendu horiek kanpaina zabal baten lehen urratsa baino ez direla adierazi du Arritxu Santamariak antolatzaileen izenean.
ETAk iragarritako su-eten iraunkorraren ondoren sortu den bake iraunkorrerako aukera ezin dela usteltzen utzi diote hautetsiek izenpetu duten dokumentuan. Bertan gatazkaren orria betiko itzuli eta Euskal Herrian betiko bakea eraikitzeko engaiamendua eskatzen dute. «Betiko bakeak erran nahi du gatazka horren konponketa politiko bat antolatu behar dela, Euskal Herrian diren politika sentsibilitate guztien artean», diote hautetsiek.
Irtenbide politikoak oinarrizko giza eskubideen errespetuaren berme izan behar duela gaineratzen dute, demokratikoki eramana. Euskal Herriko sentsibilitate politiko guztien partaidetzaren beharra azpimarratzen dute, neholako bazterketarik egin gabe.
«Pentsatzen dugu Espainiako Gobernuak eta Frantziakoak ere Euskal Herrian orain gauzatzen ari den egoera berri honetaz kontu hartuko dutela, eta gatazka horren konponbiderako ibilbide politikoa lagundu», dio oinarrizko testuak.
Iparraldeko ahalik eta hautetsi gehienen sostengua bildu nahi dutela jakinarazi du Santamariak. Eragileek ezin izan dute bertze hautetsiekin bildu, baina lan horri ekinen diote.
«Frantziak eta Espainiak beren ardurak hartu behar dituzte eta prozesua laguntzeko neurriak bideratu», gaineratu du Ttotte Etxebestek.
BAKE PROZESUAN PARTAIDE. Bake prozesuaren aldeko engaiamendua eskatzen dute hautetsiek, «Euskal Herrian denek dugulako bakeari buruzko hitza eman beharra, konponbidean herri honen etorkizuna engaiatzen delako».
Gatazkaren konponbiderako prozesuan hautetsiek eta euskal herritar guztiek oro har etorkizunaren erantzukizuna dutela diote ekimenaren antolatzaileek. «Guztiak izan behar gara bakearen eta Euskal Herri osoa hunkitzen duen gatazkaren konponbide politikoaren sustatzaile», zehaztu du Santamariak.
Euskal Herrian bake iraunkorra lortuko bada, hautetsi eta herritarren engaiamenduaren garrantzia azpimarratu dute antolatzaileek. Prozesu politikoak eragile guztien parte-hartzea behar duela azaldu dute, Euskal Herri osoko eragileena eta, ondorioz, baita Ipar Euskal Herriko eragileena ere.
Agiria alderdi politikoetako hautetsiek izenpetu dutela nabarmendu dute, bai abertzaleek, bai UMPko kideek.
Atxikimenduak
Bake prozesuaren aldeko engaiamendua adierazteko eskatu diete hautetsiei, eta hauek dira dokumentuari sostengua adierazi dioten Ipar Euskal Herriko lehen hautetsiak, 14 auzapez, bi kontseilari nagusi eta Akitaniako kontseilari bat.
Auzapezak
Jean Aniozbehere (Sara)
Philippe Aspirot (Ainhoa)
Christine Bessonart (Senpere)
Alain Castaing (Jatxu).
Leopolde Darritxon (Bastida).
Roger Gamoy (Itsasu).
Alain Iriart (Hiriburu)
Marie Andree Arbelbide (Heleta).
Sauveur Bacho (Arberatze).
Bernadette Oillarburu (Jutsi)
Peio Setoin (Aldude).
Bernard Elizetxe (Suhuskune)
Anne Marie Etxeberri (Aloze)
Kontseilari nagusiak
Bernard Gimenez (Angelu / UDF)
Jean Michel Galan (Baigorri / AB)
Akitaniako Kontseilua
Jean Lissar (Itsasu / Berdeak)
«Frantziak eta Espainiak ardurak hartu behar dituzte, eta prozesua laguntzeko neurriak bideratu»
Totte Etxebeste
OHD-ko kidea
«Guztiak izan behar gara bakearen eta gatazkaren konponbide politikoaren sustatzaileak»
Arritxu Santamaria
OHDko kidea
Irailean kanpainarekin segituko dute, atxikimenduak Europara eramateko
Gatazkaren konponbide prozesuaren aldeko engaiamendua adierazteko eskatu diete Ipar Euskal Herriko hautetsiei. Lehen atxikimenduak jaso ondoren, kanpainak segida ukanen du, irailean eta urrian. Ororen buru Europako Parlamentura eramanen dituzte. «Europan Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoari babesa ematen dion diputatu taldearekin mintzatuko gara, eta Europako Parlamentuari helaraziko dizkiogu atxikimenduak euskal gatazkaren konponbideari buruzko eztabaidari ekiten diotenean», azaldu du Arritxu Santamariak .
Oraindik zehaztu gabe dauka Europako Parlamentuak euskal gatazkari buruzko eztabaidaren eguna. Bake prozesuaren aldeko babesa zabala izatea nahi dute eta, horregatik, ideologia politiko guztietako hautetsiengana jotzeko xedea daukate irailetik hasita.Tarte horretan hautetsiei engaiatzeko eskatuko diete. «Hautetsiek ulertu behar dute ezin dutela bazterrera utzi Euskal Herrian behin betiko bakea eraikitzeko aukera hau». Eztabaida izaten delarik, Europan euskal hautetsien sostengua bertan izatea nahi dute ekimenaren bultzatzaileek.
www.konponbidea.info
Tram / Zuhar